XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskera zertarako? esan ohi eben guraso askok.

Eskolan, barriz, dana zan debeku, zigor eta bildurra.

Han inon baino zapalduago.

Umeak eukanik eta bereena, bere izaera, bere nortasuna goitik behera zapalduak ziran.

Euskaldun eta abertzale izatearen ederra txikien bihotzean txertatu nahiak, euren nortasuna ederresten ikasi egien harei hainbat gauza esan nahiak, egoezina sortu eban gero KILI-KILI izango zanaren aitagan eta amets politak eragin.

Amets horreen artean, hauxe zan bere buruari behin eta barriro egin ohi eutsan itauna: zelan esan nik txikitxo honei barruan dodan hau?

Eta hona erantzuna: umeentzat egindako aldizkaritxo baten bitartez.

Baina horretarako umeekin ume egingo zan pertsonaia bat asmatu behar eta horra KILI-KILI!

Arriskuan, bizinahiak eraginda, han-hor-hemen sakabanaturik egozan abertzale-euskaltzaleen indarrak batu eta kultur mugimendua jator bati ekin eutson: KILI-KILI mutiko euskaldun maitagarria da ekintza guzti hori gauzatu dauan sinboloa.

Erdal eskoletan noraezean egozan umeak erderaren atzaparretatik askatu eta euskaldun irauteko bidean jarri zituana.

KILI-KILIk bere nortasun berezia dau, bai kanpoko itxurari dagokionez eta bai barruko izaerari dagokionez.

Itxura aldetik, baserritarra dogu bere kaiku, txapel eta guzti.

Aldi haretan, euskaldun jendearen artean, modaren haizea urirantz begira jarri zan eta arlotetzat jo eben, artobero-usaina hartzeraino...

Urian abegi ona izatekotan, janzkera hori aldaturik, mutiko dotore eta finaren antza agertu behar ei eban.

Uriko harroputz batzuk horrelako kritikak egin eutsiezan.

Baina haize horreek, horixe ziran ezer izatekotan: aldakorrak; gaur iparraldetik eta bihar hegoaldetik joten dabenak.

Itxurak itxura, KILI-KILIren bizinahiak leku egin eta aurrera joko eban herrietan, urietan nahiz edonon.

Dana dala, KILI-KILIk berarizko itxura dau, bere-berea eta ez dot uste inongo umeari ezain edo itsusi egin izan jakonik inoiz; helduetariko batzuri baliteke, gu geu gara, izan ere ta!

Nahiko pirriak eta barrunbe korapilatsua dogunak.